Sermoi Laburrak

 

J. Goitia

 

TIEMPO DE PASCUA (A)

 

 

 

Jose Deunaren jai-eguna

Pazko jai aundia

Pazkoko 2.a

Pazkoko 3.a

 Pazkoko 4.a

Pazkoko 5.a

 Pazkoko 6.a

Jauna’ren Zerura Igokundea

Pazko 7rrena

Pentekoste jaia

   

 

Jose Deunaren jai-eguna

Epaillaren 19a.2008 / 19 de Marzo de 2008

 

S 1ª 7, 4-5a. 12-14a. 16

Sa 89 (88)

“Jaingoiko Aren aita Dabid’en errege-jarlekua emongo dautso”

Erm 4, 13. 16-18. 22

Mt 1, 16. 18-21. 24ª

 

---------------------

 

Jose Deunari buruz ez dakigu azko, ez beintzat guk jakin nai geunken beste.

Baina gitxi oneik dakiguz:

- Bere arazoa beti izan dala isilean Jainkoak bere ezkuetan ipini eban familiaren ardura izatea. ‘Maitasun isila’ deitu dautso nonork. Eta ori izan da egiaz bera. Besteen ardura izan da, ez bere ardura. Maria-rena. Jesus Umearena. Bera Liburu Santuak ia aitatu bere egiten ez dabela.

- Abraham bere aldian, bere erritik urten atzerri illun batera joateko Jainkoak agindu eutsonean, egin eban lez, Jose bere Jainkoak esandakoei esaneko agertu izan da. Maria seindun zala, Herodes-eri iges bearrean, Ejito-ra bere etxekoakaz alde egin bear izan ebanean, beti Jainkoaren abotsa egin dautso jaramon.

-Eta - au bai arrigarria! - Jesus Umeari, aldi aretako judarren etxeetan zan lez, otoitz egiten, Jainkoa maite izaten, etorteko zan Mesias-en itxaropenean irauten, irakatsi dautso. Jose, langile arrunta, Jainko-semearen irakasle izan da.

Bera lakoak izaten irakatsi dagiskula guri bere Jose Deunak.

 

------------------------------

                                                                       

Anai-arrebok, otoitz egin nai dogu!

 

Jose Deunaren jai onetan otoitz egin nai dautsugu, Goiko Aita, gure Euskal Eleizbarrutietako Misinoen alde.

Guretariko onenak joan dira, euren etxeak, euren familiak, itzita, emendikook prestau geinken laguntza, laguntza orren bearrean egoenei prestatzeko.

Jose Deuna lez, ez dira lur barri orreitara aundikiro, garaile bezala, zerbitzari apalak bezala baino.

Lagundu nai izan dabe laguntza bearrean egoenei.

Guk, gure otoitzez, orretan iraun dagiela eskatu nai dautsugu, Goiko Aita. Zerbitzari umillak izan daitezela beti. Emen geratu gareenoi orrelakoak izatea irakatsi dagiskuela.

Eta beste au bere eskatu nai dautsugu, Goiko Aita! Egizu gure lur onetatik bein ta barriro bere gazteak - era guztietariko gazteak - prest egon daitezela, Jose Deuna bezala, besteei laguntzeko, nai ta orretara euren etxea, euren erri maitea, itzi bear ba dabe.

Zure Espirituaren laguntza bear dogu, Aita! Izan onetan bere beti ezku-zabal.

A m e n . Bai. A m e n !

 

-----------------------

 

“Ertzean dagoana da Jose, beti illunean. Isilean bere laguntza betetzen dauana. Bere bizitzan Jainkoak bein ta barriro sartzen dala agindu eta dei barriakaz. Beti agindu barriak, beti oar barriak, barriro asi bear, barriro bidera... Bidazti beti bera. Or dogu bere legea: zerbitzurako esaneko izan. Zerbitzen dauana da bera. Gure bizitzan, edonoren bizitzan Jainkoaren berbeak lotu eta bialdu egiten dauala, berezkoa da Jose-rentzat. Lanerako beti prest izatea, or dogu bere misterioa” (Alfred Delp, naziak urkatu eben Jesuita jakintsuaren berbak)

 
 

Pazko jai aundia

2008ko. Epaillaren 23a. / 23 de Marzo de 2008

 

Ap Eg 10, 34ª. 37-43

Sa 118 (117)

“Jaunak egin eban eguna da au

izan bedi gure poza ta gure atsegiña”

Kol 3, 1-4

Jn 20, 1-9

 

-----------------------------

Urtean dogun jairik aundiena ospatuten dogu gaur kristiñauok. Gaizkilleak erail eben Jesus berbiztu dau illen artetik Goiko Aitak.

Eta Goiko Aitak gaur berbiztu dauan Jesus barriro etorriko da; gugana, beretarrengana, itzuliko da.

Bi orrein artean doa gure bidea, bi orrein artean bizi dogu guk gure bizitza.

Eta Jesus gure artean geiago ez dogula fedearen argian - edo fedearen illunean - egiten dogu guk bide ori.

Bide luzea da. Gutariko bakotxarena, gizaldiak zear Jainko-erriak egiten dauan bide luzea.

Eta bide luze orretan bai guk, bai gure Eleizak, Jesus ikusi ebenen testigantzan oinarrituta dago.

Gure inguruan dogun munduaren fedea, gure ondoren etorriko diranen fedea, guk - gure fedea lagun eta fede onek biztu dauan  bizitzagan oinarrituta izango da.

Goikoa lagun izan dakigula Jesus-en berbizkundeagan dogun fedea bizirik bizi eta gure munduari zabaldu aal izateko.

 

------------------------

 

Bataioaz berbiztuak gareala, otoitz egin nai dogu!

 

Goiko Aita! Bildur gara gure gizarte onetako aundikiekaz. Eureik gu goratu eta gu zapaldu gaikie. Jesus’egaz be orrela izan zan. Erritarrak goratu, aundikiak zapaldu egingo eben. Baiña ez eben askenengo berbarik esan. Azkenengo berba ori Zuk, Zuk  bakarrik esan zeinke.

Jesus zapaldua izan zalako, gurutzera eroana, azkok uste eben betirako galdua zala. Baiña Zuk, Aita errukitsu orrek, Zure Semea goraldu zendun, eta ‘izen guztien gaiñeko dan izena emon’ (Flp 2, 9) zeuntsen.

Gu bere, Jesus’en jarraieran bizi ba gara, goratuko gaituzuz.

Baiña artean, egun eder ori noiz elduko zain gagozala, gure mundu au bere Jesus’en berbizkundeak dakarskun itxaropenaren arauzkoa egin nai dogu: maitasuna nagusi izan daiten mundua, guztiok alkar anai ta arreba lez bizi gaitezen mundua, areriorik geiago izango ez dan mundua.

Bidea asi nai dogu, Goiko Aita. Bidean lagunak bear doguz. Zu batez bere, Zure Seme Jesus, eta Zuon arnasa dan Espiritua. Guztiok lagun, itxaropenez beterik jarraitu geinke arturiko bidean, gu bere berbiztuak izan arte.

Orrela izan beitela, Aita!

A m e n . Bai.  A m e n!

 

 

-----------------------

 

Biztu da Kristo, Alleluia!

Guregan dago, Alleluia!

 

Jainkoak bai dau

gaur Kristo biztu, alleluia!

Bere indarrez

biztuko gaitu, Alleluia, alleluia!

 

“Ez itzi zure bizitzan dozuzan ardurak ain aundiak izatea, ardura orreik direla-ta, Jesus berbiztuagan izan bear zeunken poza aaztu egiten dozula. Guztiok gagoz Goiko Zeruaren miñez, baina ba gara gauza oraindik, gaur, Zeruan izan, eta gure bizitzako une guztietan poz ori gozatzeko.

Zelan ori bete? Berak maite dauan lez, maite dogula; Berak lagunduten dauan lez, lagunduten dogula; Berak emoten dauan lez, emoten dogula; Berak zerbitzen dauan lez, zerbitzen dogula guk bere; Berak salbatzen dauan lez, salbatzen dogula guk bere. Ogeitamar ordu Beragaz izan eta Berak dauan pobreen jantzian ikutu”

(Kalkuta-ko Terese)

 

 

Pazkoko 2.a

2008ko. Epaillaren 30a / 30 de Marzo de 2008

 

Ap Eg 2, 42-47

Sa 118 (117)

“Emon egiozuez eskerrak Jaunari, ona da-ta,

Aren errukia beti-betikoa da-ta”

P 1ª  1, 3-9

Jn 20, 19-31

 

------------------------

 

Jainkoagaz doguzan artu-emonak guk bakarrik, gure urkolagunegaz zer-ikusi euki barik, bete nai izan doguz sarritan gure bizitzan. Gure Eleizak ikustea baino ez dago. Zetik edo atik gitxi batzuk baino ez gagozanean, Eleiz zabalean sakabanatuta gagoz guztiok. Batak besteagaz zer-ikusi eukiko ez ba geunke lez.

Orrela irakatsi yaku bear bada aurreko urteetan. Eta urteak bear izan doguz guztiok - Eleizara etorri bai, baina sakanabatuta gagozanok - familia bat egiten dogula ulertu aal izateko.

Jesus gurera dator etxe batekoak gareanez, familia bat bilduten dogunez.

Eta orregaitik familia-tik kanpo bizi izatea kaltegarria biurtu daikigu. Batez bere gure bizitzan iñoren laguntza bearrezko dogunean, etxetik kanpo izatea arriskugarri biurtu daiteke.

Or dogu Tomas etxetik kanpo - bere lagun-artetik kanpo - bakarrik ibili izan dana. Jesus berbiztua bere apostoluei agertu yakenean ez egoan an bera. Jesus-ek bere eriotzaren ostean jota egoenei ekartsen laguntza ez dau berak izan. Bere fedea koloka egon da. Eta Jesus ikusi ebenei bere ez dautse sinistu.

Jesus’ek bakarrik ekarri dau Tomas bere alkarteagaz bat izatera.

Guk bere gure alkartea bilduten dogunongandik iges ez egitea emongo al dausku.

 

-----------------------

 

“Zoriontsuak, ikusi ezarren be sinisten dabenak!” (Jn 20, 29)

 

Egin dagigun otoitz!

 

Goiko Aita! Tomas’ek lez, ikusi ezik ez dabela sinistuko, esaten dabe gure aldiko azkok. Zu ikusten ez zaituela-ta, alde egiten dabe euren etxeetan arturiko fedeatik. Gure artean bere - aurrerago zintzo fededun zan erri onetan bere - gero ta geiago dira alde egiten dautsuenak. Ez ei dabe ikusten. Ezin, ba, sinistu!

Zuk, Goiko Aita errukitsu orrek, beste egi bat esan dauskuzu Jesus’en aoz. Ikusi ezarren sinisten dabenak direla zoriontsuak!

Guk ez dogu ikusi. Baiña sinistuten doguz Jesus’ek esandakoak.

Baiña ez ete dogu guk bere zeozer egin bear ikusten ez dabenak sinistu dagien? Gure erritarrak bere gurasoen federa jo dagien?

Zergaitik ez gu izan mundu onetan Zuk erakutsi nai zeunken Zure irudiak? Zergaitik ez dabe  gure erritarrak gugan ikusiko bestela ikusi ezin daikiena? Eta orrela ‘ikusi ez daben Jesus maite izan’ (P 1ª 1, 9)?

Zure irudiak izan nai geunke. Zu lako errukiorrak. Zu lako garbiak. Zu lako beti zintzoak.

Ori gutariko azkok egin dagigunean, Zuregana, Zure Seme Jesus-engana, itzuliko dira azko, eta gugaz batera euren fedea autortuko dabe, Tomas-egaz batera ‘Nire Jaun eta Jaungoiko’ diñoela.

Lagun izan zakigu, Goiko Aita, Zure seme-alabak maite bai dozuz eta zoriontsu egin nai.

Orrela izan beitela, Aita!

A m e n . Bai.  A m e n!

 

-----------------------------

 

Zeruko Aita! Eskerrak emoten dautsuguz,

Zure Eleizan, Kristo Burua dala  Gorputz bat bilduten dogula

alkarturik izateko.

Anai eta Arreba bezala gagoz gu zure aintzinean

eta ara zer eskatuten dautsugu:

Erakutsi egizkuzu zelan alkarren serbitzari izan geinteken,

bakotxak artu dauan Doaiagaz.

Alkartu gure biotzak fedearen batasunean,

suntzitu egizuz guk bein ta barriro eragiten doguzan arresiak;

emon bai Zuri baita alkarren alde otoitz egin dagigula;

Zure aurrean ez dagiala iñork berea billatu edo urkolagunarena aaztu;

Gorroto, Bekaitz eta Naaste guztiak baztertu dagiguzala

eta egiazko Jainko-semeak garealakoan alkar maite dagigula.

 

Karl Bernhard Ritter (Luterotarra)

 

Pazkoko 3.a

2008ko. Jorraillaren 6a / 6 de Abril de 2008

 

 

Ap Eg 2, 14. 22-28

Sa 16 (15)

“Bizitza-bidea erakutsiko daustazu”

P 1ª 1, 17-21

Lk 24, 13-35

 

------------------------

 

Gure egunotara ekarriak lez, ikusten doguz gaurko Jesus-en ikasle biak. Tristureak jota, Jerusalen-etik alde egin nai dabe, euren itxaropen guztiak suntsituta lez dagozala.

            “Israel askatuteko zana bera,  uste genduan guk...”

Baina itxaropenak suntsituta dagozala, maitasunak irauten dau biotzean.

            “Eriotzara ondatu eta gurutzean josi... egin dabe gizon ona, aaltsua zana”

Jesus bera agertzen yake bidean. Baina eureik Jesus ezagutu ez. Lausotuta lez daukie begiak egiaz alboan doan bidaztia ezagututeko.

Jesus berberak erazagutuko dautse nor dan bidean topo egin daben bidazti illuna.

Etxera gonbidatzen dabe:

            “Geratu zaitez gugaz, illunabarra da eta eguna illundu egin da-ta”

Eta Jesus’ek

            “Ogia artu, bedeinkatu, zatitu ta banandu...”

Aurkolagunaganako maitasunean, Ogia zatitzean ezagutu dabe illunean egoen ikasle bi areik, bestela eazgutzeko ez zan Jesus.

Ez ete da gaur egun Jainkoa eta jainkozkoak illundu egin yakuzala, barriro Jainkoa aurkitzeko bidea? Maitasuna - ‘etxe bakoa etxera gonbidatzea’ - eta alkarregaz Eukaristia - ‘Ogia artu eta bedeinkatzea’ - ospatzea?

 

-----------------------------

 

“...zelan ogia zatitzean ezagutu ebela” (Lk 24, 35)

 

Goiko Aitari egin nai dautsegu otoitz!

 

‘Egun oro azken-aldirarte gugaz izango zala’ (Mt 28, 20) esan euskun, Goiko Aita, Jesus’ek mundu onetatik Zugana itzuli baiño leen.

Baiña, non dago Jesus, bera be? Zu ez zaitugu ikusten, eta ba dira zenbait gure artean bere, mundu onetakoentzat illundu egin zarala. Baiña Jesus? Ez ete egoan gure artean, gutariko bat eginda, gure anaia? Eta orain, non dago, beste azkok berak eukan toki bakarra bete nai dabela?

Alkar maitatzeko agindu euskun Berak, Zugana itzultzeko zala. Maitasun orretan ezagutu ebela gugandik urrun dagozanak Jesus berak beti be gure artean irauten ebala.

Ez ete da maitasuna orain bere izango, Zu, Goiko Aita, azkorentzat illunean izan arren, gure mundu onetakoei erazagutuko dozuna?

‘Ogia zatitzean ezagutu eben’ euren itxaropena galduta euken ikasleak euren artean, ezkutatuta egoan Jesus.

Maitasuna dan ‘Ogia zatitzean’. Eta alkarregaz otoitz egitea dan gure ‘Eukaristia’ko ogia zatitzean’.

Zu ikusten ez zaitugula, Jesus bera bere illundu egin yakula, emon egizkuzu, Goiko Aita, errukitsua zara-ta, ‘Ogia zatitzean’ Zu barriro ezagutu eta Jesus gure aldikoei erazagutzea.

Goitik datorren Espirituak emon dagiskula orretarako argia eta adorea.

Emon, Aita.

Orrela izan beitela!  A m e n

 

 

------------------------------

 

EGUNA BERANTZ DOA

Neurekin gel zaite arrats-begi da-ta:
itzal baten goxoz urdintzen da Jata.
Ene Josu maite,
gel zaite!

Neure egun argia berantz azkar doa,
itzalak jotzen dau atadi ondoa.
Arrats onen otza,
biotza!

Oi Bidazti Deuna, sar zaite neurera,
bertan dozu bada maitasun arrera.
Bekidat bizitza
zeure itza.

Idazti Doneak atzaldu daidazuz,
euren muin eztiak emon egistazuz.
Bel zeure mintzoa,
goxoa!

Ta barne gustia berotan dodala
argi biur bekit eriotz itzala.
Dana yat atsegin
Zeurekin.

Orain sakon dakust zeure eriotz ori;
zegaitik daukozun biotz deuna gori.
Ene Josu maite,
gel zaite!

(Lauaxeta’k: Gasteiz'ko espetxean, 1937 )

 

 Pazkoko 4.a

2008ko. Jorraillaren 13a / 13 de Abril de 2008

 

ApEg 2, 14a. 36-41

23 (22)

“Jainkoa da nire artzain, ez dot ezeren bearrik”

P 1ª 2, 20b-25

Jn 10, 1-10

 

---------------------

 

Errian jaioak gareenok ez doguz ezagututen artzaina eta bere ardien arteko artu-emon estuak zelakoak diran. Beste iñoren deiak bildurtu egiten dauala, artzainarenak - dei ori ondo ezagun dau-ta - beragana eroaten dau.

Bai ederra Jesus-ek bere eta beretarren arteko artu-emonak azalduteko artu dauan irudia. Beretarrak gareenok bere abotsa ezagutu egiten ei dogu, eta berak nai dauanari ekiten ei dautsegu.

Ez da beri erreza arlo onetan nor dan bere ardia eta nor ez. Ain dira azko gure inguruan dei egiten dauskuenak, ez dakigula geiago nori entzun, nori jarraitu. Batzuk eta besteak, gure inguruan doguzanak, guztiak nai gaituez eurentzat. Eureik lez bizi, euren joerari eutsi, euren ikasle biurtu.

Egunkariak direla, edo irratiak edo telebistak, edo bestelako komunikabideak, guztiak nai gaituez eurentzat. Eta egiz esa, ez dira beti artzainak dei egiten dauskuenak, otsoak bere izan daitekez, guri mesede baino kalte egin nai dauskuenak.

Ara zergaitik guri dei egiten dauskuenak direla zuur izan bear dogun. Ara zergaitik aalegindu egin bear, artzainaren, ots Jesus-en, edo bestelakoen abotsa ete dan guk entzuten doguna. Batari jarraitu, besteari alde egiten jakin dagigun.

 

-------------------------------------

 

“Anaiok! Zer egin bear dogu?” (Ap 2, 37)

 

Anai-arrebok, egin dagigun otoitz!

 

Gure artzaina zara, Goiko Aita, gu larra ugarietara eroan nai gaituzuna! Baiña non dira larra ugari orreik? Ezbaidan gagoz beti Aita, zer egin bear dogun, nora jo bear dogun ez dakigula? ‘Zer egin bear dogu? (Ap 2, 37)’. Or dozu gure betiko itauna. Or guk erantzunik emon ezin geinkion itauna. Zer egin? Azko dira emen, gure artean, euren itaunak eskeintzen dauskuenak. Baiña ‘lapurrak eta arrapatzaileak (Jn 10, 8)’ dira, guk bear doguzan larretara eroan baiño euren onerako agertzen diran larretara eroan nai gaituezanak. Zer egin, Goiko Aita?

‘Gizaldi oker onetatik alde egiteko’ (Ap 2, 40) diñoskue maite gaituezan batzuk. Baiña alde egin ezkero, guk bere gure gizaldi oni alde egiten ba dautsegu, nor izango da Zure Naia betea izatea  bideratuko dauana? Ez ete da erantzun ori errezegia?

Ez, Goiko Aita. Emen jarraitu nai dogu. Gure anai eta arreben erdian. Zure naia eurengan bere betea izatera lagundu nai dogula.

Indarrak emon egizkuzuz. Zugan sortzen dan  adorea ez ukatu. Eta Zugandik eta Zure Semeagandik yatorkun Arnasak arnasatu dagiala gure bizitza. Orrela Zure Naia beteko dogu.

Emon, Aita.

 

----------------------------

 

Nor naz ni?

 

Nor naz ni? Sarritan esan oi dauste

nire gelatik, lasai, alai eta adoretsu

urteten dodala,

bere jauregi-tik jauntxoak bezala.

 

Nor naz ni? Sarritan esan oi dauste

nire zaintzaileekaz, ardura- gabe, lagunkiro eta argi

berbetan ari nazala

jaun ta jabe ni ba-nintz lez.

 

Nor naz ni? Sarritan esan oi dauste,

zoritxar-egunak alai, arro, ardura-gabeko,

eroango ba neunke lez

garaile izatera oitua dagoan batek bezala.

 

Nor naz ni?

Besteak nitaz diñoena,

edo bakarrik nik, neuk, nitaz dakidana?

.............................

Ni nor izan bere,  Zuk ezagututen nozu,

Zurea naz, Jainko!

 

Dietrich Bonhoeffer

 

 

 

Pazkoko 5.a

2008ko Jorraillaren 20a / 20 de Abril de 2008

 

---------------------------------

Ap Eg 6, 1-7

Sa 33 (32)

“Etorri dakigula gaiñera, Jauna, zure errukia,

Zeugandik itxaroten dogunez!”

P 1ª. 2, 4-9

Jn 14, 1-12

 

-----------------------

 

Illunak dira gure bizitzako bideak. Sarritan beintzat ez dakigu nora jo. Egia da bide orreitan lagunak doguzala, baina gure lagun orreik bere illun bardiñean bizi dira, ez daukie guztiok euki nai izango geunken argitasuna.

Tomas’i bere orixe gertatzen yakon. Jesus-ek alde egiten eutsela, irakaslea euren artean geiago ez eukela, nora jo Jesus’ek erakutsiriko bideetatik joan aal izateko?

Eureik bere - Jesus’en ikasleak - illunean iraun bear izango eben.

Jesus’ek era bitako erantzuna emoten dautso Tomas’i, guretzat bere baliokoa dana.

Jesus bera dala bide ori:

            “Neu naz Bidea, Egia ta bizitza”

Beste biderik ez dago. Eta Jesus-enak direnak ikusi daikie iñork baino argiago egiazko bideak nondik joten dauan.

Non ikusi geinke Jesus zelakoa zan? Liburu Santuetan. Urteak bear izaten dabez benetan alkar maite dabenak, alkar biziaz, alkar ezagututeko. Liburu Santuetan, otoitza bere lagun dogula, Jesus-egaz artu-emonak artzen doguz. Eta astiro Jesus nor zan, eta guk zelakoak izan bear dogun, ikasten diardugu.

Jainkoa ez, eta Jesus berbera bere ez, ez yakuz euren izaeran agertzen beste baten irudian. Aita Jesus-en irudian, Jesus gaur egun alboan doguzan lagunurkoen irudian.

Or bere, fedez gure lagun orreigana urbilduten ba gara, gugandik Jesus-ek zer nai dauan ikasi geinke; bere bidea ikasi geinke.

 

----------------------------

 

“Ni ikusi nauanak, Aita ikusi dau” (Jn 14, 9)

 

Jesus bitarteko dogula, egin dagiogun otoitz Aitari!

 

‘Zu erakusteko, orrela naiko izango ebala’ (Jn 14, 8), eskatuten eutson Felipe’k Zure Seme Jesus’i.

Baiña nork erakutsi zagike, Goiko Aita, ikusi-eziña zara-ta? Ez zan, bada, Moises zure zerbitzaria bildur, ilteko bildur, Zuk berba egingo ba’zeunke? (Urt 20,20)

Erakutsi egizkuzu Zure aurpegia, bildurrik izan gabe izan gaitezen!

Jesus da Zure aurpegia, guk pozik, bildur gabe ikusi geinken Zure aurpegia, berak esan bai dau ‘Ni ikusi nauanak, Aita ikusi dau’ (Jn 14, 9)

Eta zelakoa da Jesus’ek erakusten dauskun Zure aurpegi ori?

Errukizkoa, Aita. Ez bildur emongo dauskuna. Ez gu ilgo gaituana. Guri, ezerezoi, errukia, maitasuna, adorea erakutsi eta emoten dauskuna.

Orain, bai, orain guk bere Felipe’k Jesus’i eskatu eutsona, eskatu nai dogu: ‘Jauna, erakutsi eiguzu Aita, eta naikoa dogu” (Jn 14, 8)

Errukitsu agertu zaitez, Goiko Aita!

Jesus bitarteko dogula, or dozu gure eskaria.

Orrela izan beitela!  A m e n ! Bai.   A m e n !

 

                                               ---------------------------------------

 

 

Esku-bakoa da Kristo.

 

Gure eskuak dauz

bere gaurko lana beteteko.

Oin-bakoa da Kristo.

Gure oinak dauz

bizitza bideetatik

gizasemeak gidatzeko.

Ez dau ezpainik Kristo’k.

Gure ezpainak dauz berak

gaurko gizonei

bera Agertzeko.

Ez dau beste laguntzarik Kristo’k

gure laguntza baino, gizonak Beragana elduerazoteko.

Gu gara gaur egun gizonak irakurri daikien

‘Biblia’ bakarra.

Gu gara egin eta berbetan idatzita

dagoan Jainkoaren mezu bakarra.

 

(XIVrren gizaldiko Otoitza.)

 

 Pazkoko 6.a

2008ko Jorraillaren 27a - 27 de Abril  de 2008

 

----------------------------

 

Ap Eg 8, 5-8. 14-17

Sa 66 (65)

“Goratu Jauna, lur guzti orrek”

P 1ª 3, 15-18

Jn 14, 15-21

 

Jesus Aitagana itzultzeko dala, bere azkenengo berbak esan nai dautse mundu onetan bakarrik geratuko direnei. Euren egoera erreza izango ez dala, Estepan erail dabela eureik bere erasoak izango direla, zeri edo nori eutsi bizitza larri onetan?

Jesus’ek bere Espiritua, bere Indar eta Adorea izango dan Goikoaren Arnasa, aginduten dautse:

            “Ez zaituet umezurtz itziko”

Egia dakarsku Espirituak, eta indarra baita egi ori autortu eta gure bizitzan bizi aal izateko.

Bildur gara sarritan nondik gabiltzan - gure Eleiza bere bere nondik dabillen - ez dakigula, Eleizak berak bere ez dakiala. Zelan bestela ulertu gizaldiak zear Kristiñauak eta Eleizak berak euki izan dabezan zalantza eta gora-beerak?

Jesus’ek ez gaituz umezurtz izten. Lagun dogu bere Espiritua. Baina onek ez dau esan nai berez - gu ardura barik jarraitzen dogula - gertatuko dirala guztiak gure eta Eleizaren onerako.

Umezurtzak bere aalegindu egin bear dabe gurasoegandik arturikoak aurrera eroareko. Eta guk bere Jesus’en mezua mundu barri bakotxean aldarrikatzeko.

Illuntasun guzti onetan argi bat dizdiratzen ikusten dogu: Maitasuna.

            “Maite dauanari - diño Jesus’ek - agertu egingo nakio”

 

---------------------------------

“Zuur egon  zaiteze zuen itxaropenari buruz itaundu dagitsuen  edonori erantzuteko” (P 1ª 3, 15)

 

Otoitz egin nai dogu, anai-arrebok!

 

Ez da gauza erreza, Goiko Aita, gaur egun Zugan eta Zure Seme Jesus’egan dogun fedea autortzea. Barre egiten dauskue gure gizartean azkok, fede ori gaurkoa ez dalakoan, beste fede batzuk - gaurkotuagoak -  bere ordez eukitera bearturik ba gengolakoan.

Eta gutariko azkok ez dakigu zelan egiten dauskuen isekei erantzun. Kontra dogun mundu batera igorri gaituzuz Zu autortzera, zelan Zu autortu ez dakigula.

Itxaropena bear dogu gure gizarte onetan. Itxaropena gauzak ez dabela beti orain arte iraungo. Eta gure itxaropen ori autortu bere egiten dogu.

Baiña ondo oinarrituta ete dago, ba, gure itxaropen ori? Ez ete da berba utsa, guk jazo nai gendukena erakutsi bai, baiña iñoiz beteko ez dana?

Fedea bear dogu: Zugan dogun Fedea autortu. Itxaropena bear dogu: Gauzak onerako aldatuko direla-ta itxaropena.

Emon, Goiko Aita, zure laguntza gure fedea eta gure Itxaropena gure erriaren onerako ondo oinarritzen ikasi dagigun.

Eta Zugandik yatorkun Arnasa bialdu, argia eta adorea beragandik artu dagigun.

Jesus bitarteko dogula, or dozu gure eskaria.

Orrela izan beitela!  A m e n ! Bai.   A m e n !

 

                                               -----------------------------------

 

Jainkoarentzat egoitza bat atondu

 

“Bein Jainkoa norberagan euki, betikoa, bizitza guztirakoa da eukitze ori. Ez dago orretan zalantzarik. Euki geinke, bai, bestelako zalantzak, baina onelakorik ez da iñoiz gugan finkatuko...

Jainkoa lagun izan ezik, ez dago niretzat ezer egiterik.

Baina Jainkoa bera ez da gauza nonorentzat zerbait egiteko egoitzaren bat bere biotzean atondo ez dauanagan.

Ustuta, zeatz ustuta egon bear dogu, gurera etorri daiten Bera, gugan Bere lana burutu aal izan dagian” (Kalkuta-ko Terese)

 

Jauna’ren Zerura Igokundea

2008ko. Maiatzaren 1a / 1 de Mayo de 2008

 

ApEg 1, 1-11

Sa 47 (46)

“Oiu-artean igoten da Jainkoa, Jauna turuta-otsez”

Ef 1, 17-23

Mt 28, 16-20

 

Gora begira egotera labanak izan gara Kristiñaurik onenak. Goikoa garrantzizko bakarra  ba’litz lez, emengo bekoa, ostera, erdi balio-bakoa.

“Zetan diarduzue zerura begira?”

Gora bakarrik begira dagoanari ardura itxi yako emen beean zer jazoten dan.

Apostoluei agertzen yakezan aingeruak berba barri oneik gaineratute dabez:

”Zerura eroana izan yatsuen Jesus... etorriko da”

Eta guk,  artean, bere etorrera ori atondu egin bear dogu. Ez da etorriko bat-batean, ustekabean, bidea atondu dagigunean baiño.

Orrela, ba, emen asten da gerokoa. Zeruko oiñarriak emen doguz. Guk - Aitagana itzuli dan Jesus lagun dogula - sortuerazoten dogu gerokoa, betikoa.

 

----------------------------

 

“Galilear gizonok, zetan diarduzue zerura begira?” (Ap 1, 11)

 

Goiko Aitari, otoitz egin dagiogun!

 

Zugana itzuli yaku, Goiko Aita, gugaz urte batzuk jasan ondoren Zure Seme, Jesus, gure anaia. Eta erdi bakarrik itzi gaituz. Arritzekoa da, Aita, bere miñan gu izatea? Egia da Espiritua itzi dauskula lagun, baiña orela ta guzti be, Bera nai genduan. Ez da arritzekoa, Aita, bere ikasleak mendian lez, guk bere, emengoak aaztuta, gorantz begira izatea.

Baiña Aingeruak orrela ez jarraitzeko diñoskue. Emengoen ardura bere izateko. Emen irauten dauala Berak, guk ikusten ez dogula. Emen dagoala gure lana: Gure anai-arreben artean, gure laguntzaren bearrizanean dagozanen artean.

Baiña beste au bere ez aaztuteko esan dauskue aingeruak. Bera barriro bere etorteko dala. Zelan eta noiz etorteko dan ez dauskue esan, baiña bai etorteko dala.

Goiko Aita, mundu onetako arazoaz arduraturik, ez dogu aaztu nai Bera etorteko dala. Eta etorrera orren zain izan nai dogu.

Egizu, Aita, iratzarririk izan gaitezela. Bietara begira. Mundu au obetzera eta Jesus’en etorrerara.

Jesus berbera bitarteko dogula, or dozu, Aita,  gure eskaria.

Orrela izan beitela!  A m e n ! Bai.   A m e n !

 

----------------------------------------

 

“Zatoz, Espiritu Santu, ta bialdu egizu zerutik zure argi-izpia!

Zatoz, gaisoen aita; zatoz doai-emaille, biotzen argi!...

Bete egizu, argi guztiz doatsu orrek!, zure zintzoen biotz barren-barrena!

Zure laguntza bagarik ez dau gizonak ezer, ez dau ezer on danik!

Garbitu egizu zikin dagoana, busti legor dagoana, osatu zauri guztiak!

Bigundu egizu gogor dagoana, berotu otz dagoana, zuzendu oker dagoana!...

Olantxe, Alleluia!

(Stephen Langton, 1228an illak)

 

 

Pazko 7rrena

Maiatzaren 4 a. 2008 / 4 de Mayo de 2008

 

ApEg 1, 12-14

Sa 27 (26)

“Jaunaren poza izango dodala uste dot bizidunen errian”

P 1ª 4, 13-16

Jo 17, 1-11a

 

--------------------------

Jesus ez da mundu onetara etorri emen doguzan auzi guztiak askatzera. Ez da bere aldian ebillen antzeko mirarigille bat, ezta ‘aingeruak euren egoetan eroango dabenen bat’ orrela bera ikusten daben guztiak arritu eta bere mezua artu dagien. Gure ezkuetan itzi dau berak lan ori.

Jesus mundu onetara egiaren testigua danez etorri da, gizasemeak maite dauzan Jainkoa Bere testigu bezala guri erakustera. Jainko maitagarri bai erakutsi, baina gure auzien eskapena gure ezkuetan izten dauala.

Errezago eukiko eben Eleizarenb asierako kristiñauak Jesus-egandik zer une bakotxean egin ikasi izan ba eben. Baina Jesus’ek ikasleen ezkuetan itzi dau askapen orretan parte artzea.

Or doguz asierako Eleiza bilduten daben taldetxokoak. Otoitz egiten dabe, guztiak alkarturik, eta otoitz orren ondorio bezala leenengo diakonuak aukeratuten dabez.

Ez zan gauza erreza aukera ori. Jesus.en ikasleen artean ba egoen beti Israel errian bizi zirenetarikoak, eta baita atzerrian - jentillen artean - euren egoitza eukenak. Eta batzuk eta besteak ez ziran ainbat arlotan bat.

Otoitzak, alkarregaz berba egiteak, alkarregaz gogarteak egiteak, guzti oneik lagundu egin dautse bear zana aurkituteko. Eta batez bere - Estepan’ek egin eban lez -, an edo emen, Judea’n edo jentillen artean, Jesus’en testigu izateko.

 

 

--------------------------

 

Otoitz egin nai dogu, Anai-Arrebok!

 

Goiko Aita, beti lurrera begira gaukozuz. Emengoak yakuz ardura. Emen ondo bizitzea yaku ardura. Gu zelan gure arazoetatik atara. Orreik dira gure, antza danez, egiazko ardurak. Lur onetara begira.

Eta ara non, Goiko Aita errukiorra!, ara non Zure aotik artu dogun Liburutik entzuten diguzan azkenengo berbak, itxaropen aundi bat agertzen daukue: Zure semea noiz agertuko, Jesus noiz etorriko, emaztegaia noiz gure artean azalduko. Etorkizunari begira izateko esaten dauskuzu Zuk Aita, ez emengoetan itoteko.

Baina, Errukiorra Zu izan eta gure egoera ondo ulertu, ez uste ain erreza danik, gaurko gizarte onetan, ez guretzat bere ez, azken baten gizarte onetako kideak bai gara, emengo ardurak gure egiazko ardurak direla uste izatea.

Eta horrela dogu Zure Etorkizuna erdi aaztuta, bai fededuntzat gure burua daukogunok bere. Gaurko mundukoak ikusi egiten diguz. Zure Etorkizuna itxaropen bat da, antza besterik ez geienontzat.

Goiko Aita!      Lagundu eiguzu, Zure laguntza bear bai dogu. Irakatsi egiezu kristiñauei mundu au onduten, bestea, Zure Etorkizuna, aaztu barik. Gure maitasunean biak B mundu au eta erortekoa dana B bat egin dagiguzala.

Eta orretarako, Aita, Zugandik yatorkun Arnasa, guri adorea dakarskun Espiritua, bialdu egiguzu.

Orrela izan beitela. Bai! Orrela.

A m e n .

 

 

 

Jainkoaren erreinuaren alde burrukan diardugula, gure bizitza aldatzea dagokigu sarritan. Ez da ori gauza erreza. Ondoren jarri dogun otoitza emakume judar batek - Eddie Perlmann bere izena - eratua da, bere bizitza aldatu egin bear izan ebanean. 20rren Salmoa-gaz egokituta dagoala diño berak.

 

20rren salmoa

 

Lagun izan , Jauna, bake-uneak aurkitu dagidan,

bare-tokiak, non nik arima indarbarritu

Ematu nire auziak, barruko eztabaidak

Zure ontasuna auznartzen itzi.

 

Lagundu, Jauna, ene adorea elikatzen

Indar-uneak gogora ekarriaz.

Egun bizkorrak gogoratuz

Zu nire zain begira egona.

 

Lagun, ene Jainkoa, ikusi barriai eustera,

nire zorion-eza argi ez dagidan

eta negarrak illundu Zure argiaren argiaz,

Nire aurpegian Zure eskua.

 

Lagun, ene argira itzultzean

Aurpegi epela, atzak zabalik

Bizirik, barriro bizirik Zure argian.

 

Eddie Perlmann

 

Pentekoste jaia

2008ko Maiatzaren 11 / 11 de Mayo de 2008

 

Ap Eg 2, 1-11

Sa 104 (103)

 Zuk arei arnasea bialdu, eta lur-azala bizidunez beteten dozu”

Ko 1  12, 3b-7. 12-13

Jn 20, 19-23

 

Gizasemeok - gaur egun batez bere - alkarregaz bear dan lez berba egitea aaztu egin dogu. Guztiok gurea aurrera  eroan nai dogu, besteak zer diñoenari jaramonik egin barik. Gurea da egia, besteak guzurra , besterik ez, diñoe. Orra or gure gaurko gizartearen pekatua! Alkar ez ulertzea.

Gaurko jai-egunak bestela irakasten dausku. Gure Eleiza - eretxi ez bardinetakoak alkarri entzun eta alkar ulertu ebenean - sortu zala.

Eta asierako Eleiza orrela izan zala, gure gaurko Eleizak bere   orrelako izan bear leuke. Edo orrelakoa izatera aalegindu bear litzateke.

Ez ete genduke gogoan baita euki bear Jainkoa guregana - Jesus’egan - etorri zanean Itz eginda  etorri zala? Eta gizona - Jainkoaren antzera egiña dana - Itza dala?

Gure Eleizan aalegindu bearrean gagoz alkarrizketan egitera. Eta kristiñauok - batez bere gure ingurua berba egiteko prest ez dagoanean - gure urko-lagunei, arrokeri barik, irakatsi bear  geunskioe  alkarregaz berba egiten; besteegandik - nai ta beste eretxi batekoak izan - ikasten.

 

--------------------------------

 

“Zelan entzuten doguz, ba, geure jatorrizko izkuntzaz?” (Ap 2, 8)

 

Emen alkartu gareenok, Goiko Aita bakarrari otoitz egiten dautsegu!

 

Goiko Aita! Bai zail egiten yakula gure artu-emonetan alkar ez ulertzea! Bakotxak bere izkuntza darabil, gure artean bere alkarri ulertuten ez dautsegula.

Baiña, ez ori bakarrik Goiko Aita! Beste au da kaltegarriagoa: Alkarri ulertuten dautsegulakoan, berez gure eguneroko artuemonetan alkar ulertu ez. Eta - kaltegarriagoa dana - ulertu ez, ulertu nai ez dogulako. Eta orrela goaz bata besteagandik bananduta, bakotxak bere taldearen izkuntza darabillela.

Zu Bakearen Jauna zara-ta, ez aal dozu lortuko Zure Elizan eretxi batekoak izan ez arren bere, alkar ulertu dagioegula? Eta guk maite dogun gizarte eta erri onetan bere alkar ulertu gaitezela?

Zure Arnasa mundu onetara bialdu zenduanean, guztiak - nai ta izkuntza ez bardinetakoak izan, alkar ulertu ei eben.

Egizu gure artean bere mirari ori. Izkuntza ez bardinekoak gareenok, alkarrekin berba egin eta alkar ulertu dagigula.

Eta egun onetan bialdu zenduan Arnasa bialdu gaur bere, argia eta adorea beragandik artu dagigun.

Jesus bitarteko dogula, or dozu gure eskaria.

Orrela izan beitela!  A m e n ! Bai.   A m e n !

 

---------------------------------------

Arnasatu nigan, Espiritu Santu orrek, bear dan lez pentsau dagidan.

Nire barruko indarra izan zaitez, on dana egin dagidan.

Bultsatu nagizu, Espiritu Santu orrek, santua dana maite dagidan.

Indartu nagizu, Espiritu Santu orrek, santua dana zaindu dagidan.

Zaindu nagizu, Espiritu Santu orrek, santua dana iñoiz galdu ez dagidan.

 

                                                                                                          Agustin deunarena

 

 

 

 

 

 


Principal ] Tiempo Pascual ] Tiempo Ordinario ] Nuestro correo ] Oración mensual ] Celebraciones litúrgicas ] Albia ] Sobre la liturgia ] Familia cristiana ] Sacramentos ] EL DOMINGO ] Homilías ] Lecturas del día ] Red de evangelización ] Contraportada ] Mensaje para la semana ]

Exclusivamente para uso privado. No reproducir.